Submit to FacebookSubmit to Google BookmarksSubmit to Twitter

Geografia

KANTAURIKO BAILARA

Kantauriko haranen barne sartua, Sunbillako ingurua berdea, epela eta euritsua da. Itsas mailatik 106 metroko altuerara dago eta 100 - 740 metroko altuerako mendixkek inguratzen dute.

Sunbillako klima, atlantiar ozeaniko epela da, prezipitazioak ugariak dira urte osoan zehar eta Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko udalerrietan ez bezala, udak ez dira batere lehorrak. Urteko batez besteko prezipitazioak 1.800 eta 2.000mm bitartekoak izan ohi dira eta tenperaturak 14 graduko batazbesteko marka lortzen du. Egun euritsuak 180 izaten dira urte batez.

Landarediari dagokionez, intxaurrondo eta haritzak dira nagusi; udalerriaren altuera dela eta pagoak nahiko urriak dira. Horrez gain, XIX. mendean birlandatzen hasitako hainbat pinu ere badago, insignis eta Japoniako alertze motakoak.

1979. urtean Nafar Gobernuak estazio meteorologikoa jarri zuen udalerrian.